Horitxoek garaipena lortu zuten Bizkaia eta Arabako txapeldunen aurka.
Lehenengo partidaren emaitza 4-2 izan zen. Bigarren partidaren emaitza 3-3 izan zen; hala ere, Laskoraineko gazteentzat nahikoa izan zen berdinketa. Calasanz “A” eta Elorrietako Aerolink izan ziren aurkariak. Enaitz Lizarralderen taldeak esfortzu handia egin behar izan zuen garaipena eskuratzeko.
14:00etan hasi zen eguna. Tolosako Usabal Kiroldegitik abiatu zen busa. Zaleen berotasuna usaindu zen lehenengo momentutik. Barreak, algarak, bufanda horiak, musika alaia eta garrasiak presente egon ziren autobusean une oro. 15:30ean inguru iritsi ziren taldeko kide eta zaleak Bilboko San Ignacio kiroldegira. Jokalarien aurpegietan sekulako emozio eta zirrara nabari zen.
Calasanz “A” izan zen Laskorainen lehen aurkaria. Horitxoak gogotsu irten ziren kantxara, haien helburua bakarra zen: garaipena. Hasi zen partida. Lehenengo minutuak nahiko pasiboak izan ziren. Laskoraineko gazteek baloia mugitzea zuten helburu gisa, aldiz, Gasteizeko taldeak pibota bilatzea zuen helburu.
Markagailua horitxoek ireki zuten! Markel Arbeloak garbi lapurtu zuen baloia eta ez zuen huts egin atezainaren aurrean (1-0). Arabako jokalariak ez ziren buru-makur jarri eta handik minutu batzuetara berdinketa ezarri zuten markagailuan gol bikain batekin (1-1). Hala ere, gutxi iraun zuen adostasunak markagailuan, eta Laskorainen futbol txanpaina agertu zen. Urko Lasa eta Beñat Zinkunegiren jokaldi elegante baten ostean, Aner Insaustik bultzatu zuen baloia Laskorain aurretik jartzeko (2-1)! Calasanzek berdinketa lortu nahi zuen berriro ere, baina beste jokaldi on baten ondoren, Oihan “Lopi” azaldu zen bigarren zutoinean 3-1a ezartzeko elektronikoan! Gasteizeko taldeak ez zuen amore eman eta partiduaren amaiera iristen ari zenean sartu zuen gola (3-2). Partidu zirraragarriari amaiera emateko Inko Lasak penalti bikoitza sartu zuen eta 4-2 definitiboa ezarri zuen!!!
Lan erdia eginda, Bizkaiako txapeldunen aurka jolastea falta zen. Elorrietako Aerolink izango zen horitxoen aurkaria finalean. Jokalari handi eta indartsuez beteriko taldea zen, baina garbi zegoen Laskoraineko jokalarien aurpegietan ez zutela inongo beldurrik ere.
Epaileak hasiera eman zion partiduari eta harmailetako jendea eseri aurretik, Inko Lasak horitxoen lehenengo gola sartu zuen! 6 segundu besterik ez zituen behar izan Laskorainek markagailuaren aurretik jartzeko (0-1). Hala ere, poztasunak ez zuen luzaro iraun. Bi jokaldi onen ondoren, Bizkaiako taldeak buelta eman zion markagailuari eta 2-1ekoa ezarri zuten.
Kolpea oso handia izan zen horitxoentzat, eta oraindik ere handiagoa hartu zuten 3-1ekoa sartu zuenean Elorrietako jokalari gazteak. Partiduaren bigarren zatia oso beltza ari zen bihurtzen Enaitzen jokalarientzako, baina urte osoan egin duten bezalaxe, ez zuten amore eman eta Inko Lasak sekulako jokaldia egin ondoren, atezainarekin aurkitu eta ez zuen barkatu gola sartzerako orduan (3-2)! Emaitza horrekin Laskoraineko gazteak txapeldunak izango ziren, aitzitik, Inko Lasa, partiduko protagonistaren txartel gorriak guztiz aldatu zuen partida. Izan ere, bat gutxiagorekin gelditu baitziren hurrengo bi minutuetan. Halako batean, Xabat Sarasola atzelariak burua galdu, eta seigarren falta egin zuen, Bilboko taldeari penalti bikoitza oparituz. Zorionez, huts egin zuen penaltian eta bizirik jarraitu zuen Laskorainek.
Asko sufrituta, partiduko azken minutuan, konbinazio ikaragarri baten ondoren, Markel Arbeloak jarri zuen “pastelaren ginda” (3-3) eta ofizialki, Laskorain KE, Euskadiko txapeldun bihurtu zen. Gol horren ostean, eromena bizi izan zuten Bilbon: jokalari guztiak kantxatik zehar korrika ospatzen, zaleen garrasiak Tolosatik entzun ziren… momentu ahaztezina bizi zuten horitxoek.
Noski, garaipena zale guztiekin ospatu zuten. Besarkada luze eta estuak partekatu zituzten eta sekulako festa piztu zuten Bilbon. Oraindik horitxoek azken erronka dute maiatzaren 30ean: Gipuzkoako finala. Eguzki Talleres Lekuona izango da haien aurkaria, eta Enaitzen jokalariek dena emango dute denboraldiari ahalik eta amaiera hoberena emateko.
GO LASKO GO!!!